1 Josiasen seme Joiakim Judako errege izaten hasi zen garaian, Jaunak agindu hau eman zion Jeremiasi:
2 «Zaude tenpluko atarian zutik, eta hitz egin Judako hirietatik Jauna gurtzera tenplura datozen guztiei. Hots egin zehatz-mehatz haiei esateko agindu dizkizudan hitzak, bakar bat ere utzi gabe.
3 Agian adituko dizute eta beren jokabide okerretik bihurtuko dira. Horrela baldin bada, damutu egingo naiz eta ez dut beteko beraien egite gaiztoengatik ematea pentsatua dudan zigorra.
4 Adierazi nire, Jaun honen, mezu hau: Ez badidazue aditu nahi, nik emaniko legearen arabera jokatuz,
5 ez badiezue jaramonik egiten behin eta berriro, etengabe, bidaltzen dizkizuedan neure zerbitzari profeten esanei —eta benetan zuek ez didazue aditu nahi—,
6 Xiloko kultu-lekuari eman nion tratu bera emango diot tenplu honi; hiri hau, berriz, nire madarikazioaren adierazgarri izango da munduko nazio guztientzat».
7 Apaizak, profetak eta jende guztia Jeremiasi entzuten zeuden, tenpluan hitzaldi hau egiten ari zen bitartean.