4 Agindu beren erregeei adierazteko, nire, Jaun ahalguztidunaren, Israelgo Jainkoaren, mezu hau:
5 Neuk egin ditut neure indar handiz eta esku ahaltsuz mundua eta munduko gizaki eta abereak, eta neuk nahi dudanari ematen diot hori guztia.
6 Orain, bada, nire zerbitzari Nabukodonosor Babiloniako erregeari herrialde guztiok ematea erabaki dut; basapiztiak berak ere haren menpe uzten ditut.
7 Nazio guztiak jartzen dizkiet menpean berari, semeari eta bilobari; baina beraren herrialdeari ere etorriko zaio garaia, eta nazio askoren eta errege ahaltsuren menpe eroriko da.
8 Oraingoz, ordea, nazio edo erreinuren batek Babiloniako errege Nabukodonosorren menpeko izan eta haren uztarpean jarri nahi ez badu, gerraz, gosez eta izurriz zigortuko dut, haren esku utzi arte. Hala diot nik, Jaunak.
9 «Ez egin, beraz, jaramonik Babiloniako erregeak ez zaituztela menderatuko iragartzen dizueten profetei, ez igarleei, ezta ametsak azalduz edo azti-baliabidez geroa asmatu ohi dutenei ere.
10 Gezurra da iragartzen dizuetena, eta zeuen lurraldetik urruntzea besterik ez dizuete ekarriko. Haiei jaramon eginez gero, neuk jaurtiko zaituztet, eta galdu egingo zarete.