9 «Ez egin, beraz, jaramonik Babiloniako erregeak ez zaituztela menderatuko iragartzen dizueten profetei, ez igarleei, ezta ametsak azalduz edo azti-baliabidez geroa asmatu ohi dutenei ere.
10 Gezurra da iragartzen dizuetena, eta zeuen lurraldetik urruntzea besterik ez dizuete ekarriko. Haiei jaramon eginez gero, neuk jaurtiko zaituztet, eta galdu egingo zarete.
11 Baina Babiloniako erregearen uztarpean jartzea eta haren menpeko izatea onartzen duen nazioa, lasai utziko dut bere lurraldean, landu dezan eta bertan bizi dadin. Nik, Jaunak, esana».
12 Judako errege Sedekiasi ere mezu bera adierazi zion Jeremiasek: «Makurtu zeuen lepoak Babiloniako erregearen uztarpera. Jarri Nabukodonosorren eta beronen herriaren menpe, eta biziko zarete.
13 Zertan hil behar duzue zuk eta zure herriak gerraz, gosez eta izurriz? Izan ere, Jaunak erabakia du hori gertatuko zaiola Babiloniako erregearen menpeko izatea onartzen ez duen nazioari.
14 Ez egin jaramonik Babiloniako erregeak ez zaituztela menderatuko esaten dizueten profetei, gezurra esaten baitizuete.
15 Ez direla berak bidaliak dio Jaunak, gezurretan ari direla beraren izenean. Bestela, Jaunak berak jaurtiko zaituzte eta galdu egingo zarete zeuek eta horrela hitz egiten dizueten profetak».