18-19 «Judako eta Jerusalemgo buruzagiek, errege-jauregiko funtzionarioek, apaizek eta herritarrek hitzarmena egin dute nire aurrean, zekor bat hil, erdibitu eta bi zatien erditik igaroz. Gero, ordea, hautsi egin dute hitzarmena, emandako hitza janez. Horregatik, erditik ebaki zuten zekorra bezala erabiliko ditut.
20 Haiek galdu nahian dabiltzan etsaien esku utziko ditut, eta haien gorpuak hegazti harraparien eta basapiztien janari izango dira.
21 Judako errege Sedekias eta bere funtzionarioak, beraiek galdu nahian dabiltzan etsaien esku utziko ditut, orain hiriari erasotzeari utzi dion Babiloniako erregearen gudarostearen menpe eroriko dira.
22 Hiri honen aurka borrokatzera itzuliko dira nire aginduz, konkistatu egingo dute eta erre. Judako hiriak eremu bihurtuko ditut, bizilagunik gabe utziz. Nik, Jaunak, esana».