7 eta, Judako erregeari Jaunaren, Israelgo Jainkoaren, erantzun hau emateko agindu zion, kontsulta egitera bidalitako mandatarien bidez: «Laguntzera etorri zaizuen faraoiaren gudarostea laster itzuliko da Egiptora.
8 Eta babiloniarrak berriro etorriko dira hiri honi erasotzera; konkistatu eta su emango diote.
9 Nik, Jaunak, diotsuet: Ez engainatu zeuen buruak, babiloniarrek zuen gainetik behin betiko alde egingo dutela pentsatuz, ez baitute alde egingo.
10 Eta erasoka duzuen babiloniarren gudaroste osoa garaituko bazenute ere, aski litzateke zauriz jositako haietako batzuk bizirik gelditzea, kanpalekutik irten eta hiriari su emateko».
11 Faraoiaren gudarostea zetorrela eta, babiloniarren gudarosteak Jerusalemdik ihes egin zuenean,
12 Jeremiasek irten egin nahi izan zuen Jerusalemdik Benjaminen herrialdera joateko, beretarrekin herentzi arazo bat garbitzera.
13 Baina Benjaminen atera iritsi zenean, han zegoen Ierias guardiaburua, Xelemiasen seme eta Hananiasen biloba, eta Jeremias profetari alto eman eta esan zion:—Babiloniarrengana igarotzeko asmotan zabiltza zu.