19 Baina, ni ez, baizik beren buruak dituzte iraintzen beren lotsarako.
20 Horregatik, hala diot nik, Jaunak: Neure haserrea eta sumina hustuko ditut toki honen gain, gizaki eta abere, landako zuhaitz eta lurreko fruituen gain: itzaliko ez den sua izango da».
21 Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelgo Jainkoak: «Eskaini nahi adina erre-opari eta sakrifizio eta jan berorien haragia.
22 Zuen arbasoak Egiptotik atera nituenean, ez nien ezer agindu erre-opari eta sakrifizioei buruz, ez nituen aipatu ere egin.
23 Hauxe agindu nien bakar-bakarrik: “Aditu nire mintzoa, eta ni izango nauzue zeuen Jainko eta zuek izango zaituztet neure herri. Ibili beti nik agindutako bidean, eta zorioneko izango zarete”.
24 Baina ez zidaten aditu, ezta jaramonik egin ere, baizik eta beren asmo eta joera gaiztoei setati jarraitu zieten. Niregana hurbildu ordez, bizkarra eman zidaten.
25 Zuen arbasoak Egiptotik irten zirenetik gaurdaino, profetak, neure zerbitzariak, bidali dizkizuet etengabe, bata bestearen ondoren.