21 Haien gorputz eta buruan hontz, enara eta bestelako txoriak pausatzen dira; katuak ere hurbiltzen zaizkie.
22 «Horregatik jakingo duzue ez direla jainko; ez izan, beraz, horien beldur!
23 «Apaintzeko, urrez estaliak daude idoloak; baina urreari herdoila ez badiote kentzen, ez dute distiratzen. Urtu zituztenean ere, ez zuten ezer sentitu.
24 Kosta ahala kosta erosten dituzte, bizi-arnasarik ez izan arren.
25 Oinik ere ez dutelako, bizkarrean eraman behar izaten dituzte, guztiei erakutsiz zein mespretxagarri diren; hori dela eta, gurtzaileak berak ere lotsatu egiten dira.
26 Izan ere, inoiz lurrera erortzen badira, ezin jaiki dira beren kasa; zutik jartzen badituzte, ezin egin zirkinik; etzanik badaude, ezin zutitu beren kasa. Horiei opariak eskaintzea, hildakoei eskaintzea bezala da.
27 Sakrifizioetako oparigaiak saldu egiten dituzte apaizek beren irabazirako; emazteek, berriz, oparigaien zati bat gazitu egiten dute gordetzeko, behartsuei eta gaixoei ezer banatu gabe.