1 Jordanez beste aldera, ekialdean, bi errege garaitu zituzten israeldarrek eta beraien lurraldeez jabetu ziren; lurralde horiek Arnon errekatik Hermon mendiraino hedatzen ziren, ekialdeko Araba harana barne.
2 Bata, Hexbonen bizi zen Sihon errege amortarra izan zen; honen menpeko erreinua Arnon erreka ondoan dagoen Aroer hiritik amondarren lur-muga den Jabok errekaraino hedatzen zen, Arnonen ibarra eta Galaad lurralde erdia hartzen zituelarik;
3 baita, Araba haranaren ekialdea ere Genesaret aintziratik Araba itsaso edo Itsaso Hileraino, Bet-Jeximoterako bidean, Pisga mendiaren magaleraino.
4 Bestea Axtarot eta Edrei hirietan bizi zen Baxango errege Og izan zen, refatar erraldoien azken ondorengoetakoa:
5 beraren menpeko erreinuak Hermon mendia, Salka eta Baxan osoa hartzen zituen, gexurtarren eta maakatarren mugetaraino, baita Galaad lurraldearen beste erdia ere, Hexbongo errege Sihonen mugetaraino.
6 Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, eta israeldarrek menderatu egin zituzten bi errege haiek. Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, Ruben eta Gaden leinuei eta Manasesen leinu erdiari eman zizkien jabetzan haien lurraldeak.