2 Manasesen beste sei semeen ondorengoei ere, Abiezer, Helek, Asriel, Sikem, Hefer eta Xemidaren ondorengoei, alegia, beren ondarea izendatu zieten, senitarteka banatua. Horiek ziren Joseren seme Manasesen semeak.
3 Tzelofhadek, ordea —Tzelofhad Heferren semea zen, hau Galaadena eta hau Manasesen seme Makirrena—, ez zuen semerik izan, alabak baizik; alaben izenak Mahla, Noa, Hogla, Milka eta Tirtza ziren.
4 Emakume haiek Eleazar apaizarengana, Nunen seme Josuerengana eta herriko arduradunengana joan eta esan zieten: «Guri ere gure senideei bezala ondarea emateko agindu zion Jaunak Moisesi». Orduan, Jaunaren aginduaren arabera, ondare-zatia eman zieten beren aitaren anaiei bezala.
5 Beraz, Manasesen leinuari hamar zati egokitu zitzaizkion Jordanez mendebaldera, Jordanez beste aldera zituen Galaad eta Baxan lurraldeez gainera.
6 Izan ere, Manasesen emakumezko ondorengoek beren ondarea hartu zuten, gizonezkoek bezala, eta Galaad lurraldea Manasesen beste ondorengoentzat izan zen.
7 Manasesen lurraldearen muga, Axerren hasi eta Sikemen aurrean dagoen Mikmetatera zihoan; handik hegoaldera jarraitzen zuen, En-Tapuah aldera.
8 (Tapuah inguruko lurraldea Manasesen leinukoena zen, baina Manasesen muga-ertzean zegoen Tapuah hiria bera efraimdarrena zen).