4 Emakumeak, ordea, gorde egin zituen gizonak, eta erantzun zien guardiei:—Bai, etorri zaizkit gizon horiek etxera, baina nik ez nekien nongoak ziren.
5 Arratsean, hiriko atea itxi baino lehen, alde egin dute eta ez dakit nora joan diren. Haien ondoren berehala joaten bazarete, harrapatuko dituzue.
6 Emakumeak, ordurako, etxe gainera eramanak eta bertan metaturik zituen liho-sorta artean ezkutatuak zituen gizonak.
7 Guardiak Jordanerako bidera, igarolekuetara, joan ziren haien bila. Hiritik atera zirenean, itxi egin zuten atea.
8 Israeldar haiek artean lotarako etzan gabe zeudela, Rahabek etxe gainera igo
9 eta esan zien:—Badakit Jaunak lurralde hau eman dizuela. Hemen, hirian, izuturik gaude eta herrialdeko jende guztia ere ikaraz dago zuen aurrean,
10 jakin baitugu Jaunak lehortu egin zituela Itsaso Gorriko urak, zuek Egiptotik irtetean. Jakin dugu, orobat, nola suntsitu dituzuen Jordanez beste aldean amortarren bi erregeak, Sihon eta Og.