2 «Esan israeldarrei: Izenda itzazue Moisesen bidez aipatu nizkizuen babes-hiriak.
3 Norbait nahi gabe hiltzen duenak hiri horietan aurkituko du iheslekua. Hiri horiek izango dituzue babesleku, hildakoa mendekatzeko eskubidea duenarengandik ihes egin ahal izateko.
4 Hiltzaileak hiri horietako batera ihes egingo du eta, sarreran gelditurik, hiriko arduradunei bere arazoa azalduko die. Arduradunek hirian hartuko dute eta txokoren bat emango, beraien artean bizi dadin.
5 Mendeku-eskubidea duena atzetik badatorkio ere, ezin izango dute hiltzailea beraren esku utzi, nahi gabe hil baitu bere lagun hurkoa eta ez lehendik gorroto zuelako.
6 Hiltzailea hirian geldituko da, elkartearen aurrean auzitara agertu arte edota aldi horretan karguan egongo den apaiz nagusia hil arte. Gero, itzul daiteke hiltzailea bere herrira eta etxera, handik egin baitzuen ihes».
7 Hona hemen, babes-hiri izateko hautatu zituztenak: Kedex, Neftaliko mendialdean, Galilean; Sikem, Efraimgo mendialdean, eta Kiriat-Arba —hau da, Hebron—, Judako mendialdean.
8 Jordan ibaiaz beste aldera, Jerikotik ekialdera, Betzer aukeratu zuten, basamortuan, Rubenen leinuaren lautadan; Ramot, Galaaden, Gaden leinuaren lurraldean, eta Golan, Baxanen, Manasesen leinuaren lurraldean.