13 Aurrez, ordea, Pinhas, Eleazar apaizaren semea, bidali zieten Galaadera,
14 herriko hamar ordezkari lagun zituela, israeldar leinu bakoitzeko bat. Ordezkari haiek senitarteburu ziren Israelgo leinuetan.
15 Ruben eta Gaden leinuetako eta Manasesen leinu erdiko gizonengana, Galaadera, heldu zirenean, esan zieten:
16 «Jaunaren elkarte osoaren izenean diotsuegu: Zer da Israelen Jainkoaren kontra egin duzuen desleialkeria hori? Jaunarengandik aldendu zarete gaur: aldare hori zeuentzat eraikiz, Jaunaren kontra errebelatu zarete.
17 Ez al genuen aski Peor-ko bekatuaz? Oraindik ere bekatu haren ondorioak jasaten ari gara, Jaunaren elkarteak izurria jasan behar izan zuen arren.
18 Eta zuek Jaunarengandik aldentzen zarete gaur! Zuek gaur beraren kontra errebelatzeagatik, Jauna bihar haserretu egingo da Israel herri osoarekin.
19 Zuen jabetza den lurraldea kutsatua dagoela eta Jaunaren kulturako desegokia dela iruditzen bazaizue, zatozte Jaunaren jabetza den herrialdera, han baitu Jaunak bere bizilekua, eta jar zaitezte gure artean bizitzen. Baina ez zaitezte Jaunaren kontra eta gure kontra jarri, Jaunaren, gure Jainkoaren, aldareaz gainera beste bat zeuentzat eraikiz.