5 Gerora, Moises eta Aaron bidali nituen, Egipto zigortu nuen neure ekintzaz, eta zuek handik irtenarazi.
6 Zuen arbasoak Egiptotik irten eta itsasoraino heldu ziren. Egiptoarrek pertsegitu egin zituzten Itsaso Gorriraino, beren guda-gurdi eta zaldiekin.
7 Zuen arbasoek oihu egin zidaten, eta nik ilunpea jarri nuen haien eta egiptoarren artean, eta itsasoa hauen gainera erorarazi, denak estali zituelarik. Zeuen begiz ikusi zenuten egiptoarrei egin niena. Gero, basamortuan bizi izan zineten luzaro.
8 «Jordanez beste aldean bizi ziren amortarren lurraldera ekarri zintuztedan. Haiek gerra egin zizueten, baina zuen eskuetara eman nituen eta haien lurraldeaz jabetu zineten, suntsitu egin bainituen zuen aurrean.
9 Moabeko errege Balak, Tzipor-en semea, Israeli erasotzera atera zen, eta Beor-en seme Balaam deitu eta ekarri zuen zuek madarikatzera.
10 Nik, ordea, ez nion entzun nahi izan Balaami, eta bedeinkatu egin behar izan zintuzten; horrela libratu zintuztedan haren eskutik.
11 «Jordan ibaia igaro eta Jerikora heldu zineten. Jerikoko bizilagunek gerra egin zizueten, baita amortarrek, periztarrek, kanaandarrek, hititek, girgaxtarrek, hibiarrek eta jebustarrek ere; nik, ordea, eskuetara eman nizkizuen.