9 Moabeko errege Balak, Tzipor-en semea, Israeli erasotzera atera zen, eta Beor-en seme Balaam deitu eta ekarri zuen zuek madarikatzera.
10 Nik, ordea, ez nion entzun nahi izan Balaami, eta bedeinkatu egin behar izan zintuzten; horrela libratu zintuztedan haren eskutik.
11 «Jordan ibaia igaro eta Jerikora heldu zineten. Jerikoko bizilagunek gerra egin zizueten, baita amortarrek, periztarrek, kanaandarrek, hititek, girgaxtarrek, hibiarrek eta jebustarrek ere; nik, ordea, eskuetara eman nizkizuen.
12 Liztortzarrak bidali nituen, zuek etorri aurretik amortarren bi erregeak bota zitzaten. Hori ez zenuten zeuen ezpatari eta uztaiari esker iritsi.
13 Izerdirik aterarazi ez dizuen lurraldea eman dizuet, eraiki ez dituzuen hiriak, eta berorietan bizi zarete; baita landatu ez dituzuen mahasti eta olibadiak ere, eta berorien fruituez elikatzen zarete».
14 Eta jarraitu zuen Josuek:—Izan, beraz, begirune Jaunari eta zerbitza ezazue benetan eta leial. Baztertu zeuen arbasoek Eufrates ibaiaren beste aldean eta Egipton zerbitzatu zituzten jainkoak, eta zerbitza ezazue Jauna.
15 Baina Jauna zerbitzatzea ongi iruditzen ez bazaizue, aukera ezazue zein zerbitzatu: zuen arbasoek Mesopotamian zerbitzatu zituzten jainkoak ala amortarren jainkoak, orain bizi zareten herrialdeko jendearenak, alegia. Nik eta nire etxekoek Jauna zerbitzatuko dugu.