1 Israeldarrek ez zuten leial jokatu hiriko gauza guztiak erabat suntsitzeko aginduari zegokionez. Akan zeritzan batek suntsitu beharreko zenbait gauza beretzat hartu zuen eta, horregatik, sutu egin zen Jaunaren haserrea israeldarren aurka. Karmiren semea zen Akan, Zabdi eta Zerahen ondorengoa, Judaren leinukoa.
2 Jerikotik gizon batzuk bidali zituen Josuek, Bet-Abendik hurbil, Betelen ekialdera zegoen Ai hirira, lurralde hura ikertzeko aginduz. Joan ziren gizonak eta, Ai hiria ikertu ondoren,
3 Josuerengana itzuli ziren, esanez: «Ez dira asko hiri horretakoak. Ez du gudaroste osoak joan beharrik; aski dira bi edo hiru mila gizon Ai hiriari erasotzeko. Ez du merezi gudaroste osoa nekaraztea».
4 Hiru mila inguru gizon joan ziren Ai hiriari erasotzera, baina ihes egin behar izan zuten Ai hirikoengandik.
5 Hogeita hamaseiren bat israeldar hil zituzten Aikoek eta hiriko ateetatik harrobietaraino pertsegitu zituzten, maldan behera denak porrokatuz. Israeldarrak adoregabeturik gelditu ziren; hauen kemena urtu eta ura bezala isuri zen.
6 Josuek eta israeldar arduradunek jantziak urratu zituzten, buru gainera hautsa bota eta ahuspezturik egon ziren Jaunaren kutxa aurrean arratsa arte.
7 Josuek otoitz egin zuen, esanez:—Ai ene, Jainko Jauna! Zergatik igaroarazi diozu herri honi Jordan ibaia, gero amortarren esku utzi eta hondatzekotan? Hobe Jordanez beste aldera gelditu izan bagina bizitzen!