17 Judaren leinuko senitarteak aurkeztarazi eta Zerahen senitartea gertatu zen izendatua. Zerahen senitarteko etxeak aurkeztarazi eta Zabdiren etxea gertatu zen izendatua.
18 Zabdiren etxekoak aurkeztarazi eta Akan gertatu zen izendatua. Akan Karmiren semea zen, Zabdiren eta Zerahen ondorengoa, Judaren leinukoa.
19 Josuek galdegin zion Akani:—Ene seme, eman ohore Jaunari, Israelen Jainkoari, eta aitortu egia beraren aurrean. Esadak zer egin duan, ez gorde ezer ere.
20 Akanek erantzun zion:—Egia da, neuk egin dut bekatu Jaunaren, Israelen Jainkoaren, aurka. Hara zer egin dudan:
21 harrapakinen artean, babiloniar soingaineko zoragarria ikusi nuen, baita zilarrezko berrehun txanpon eta kilo erdiko urre-puska ere. Hainbeste gustatu baitzitzaizkidan, hartu egin nituen. Lurpean gordea dut dena neure oihal-etxolaren erdian; dirua azpian dago.
22 Josuek gizon batzuk bidali zituen eta, lasterka oihal-etxolara joanik, dena aurkitu zuten oihal-etxolan gordea eta azpian dirua.
23 Gauzak oihal-etxolatik harturik, Josue eta israeldarrei eraman zizkieten, eta hauek Jaunaren aurrean ezarri zituzten.