16 Beraren aurrera heltzean, ez izan beldurrik eta adierazi esan diguzuna, ongi hartuko baitzaitu.
17 Beren arteko ehun gizon hautatu zituzten, Judit eta mirabeari lagun egin eta Holofernesen oihal-etxolara eraman zitzaten.
18 Emakumea zetorrela zabaldu zenean, istilua sortu zen kanpaleku osoan. Gudariak emakumearen inguruan bildu ziren, Judit Holofernesen oihal-etxolaren aurrean zegoen bitartean, gudalburuari beraren berri eman zain.
19 Harrituak zeuden emakumearen edertasunaz eta, berarengatik, miretsi egiten zituzten israeldarrak, elkarri esanez: «Gutxiets ote daiteke honelako emakumeak dituen herria? Huts ederra izango litzateke horietako gizon bakar bat ere bizirik uztea! Mundu osoa liluratuko lukete bizirik geldituek!»
20 Atera ziren Holofernesen oihal-etxolako zaintzaileak eta ofizialak, eta sartu zuten barrura Judit.
21 Sabaidun ohean zegoen etzana Holofernes; ohe-sabaia purpura eta urrez egina zen, esmeraldaz eta harribitxiz apaindua.
22 Juditen berri eman ziotenean, atera zen Holofernes sarreraraino, zilarrezko kriseiluz aurretik argi egiten ziotela.