10 Israelen Jainkoak egin zuena ikusirik, Akiorrek benetan sinetsi zuen Jainkoarengan, erdainkuntza egin eta Israel herriko kide bihurtu zen, bera eta ondorengoak gaurdaino.
11 Eguna argitzean, eseki zuten harresian Holofernesen burua. Gizon bakoitzak bere armak hartu eta, taldetan antolaturik, irten ziren denak mendi-maldetara.
12 Asiriarrek, ikusi zituztenean, horren berri bidali zieten beren gudalburuei, mila gizoneko taldeen buruei eta gainerako taldeburuei.
13 Hauek Holofernesen oihal-etxolara joan eta esan zioten Bagoari, Holofernesen arazoen arduradun nagusiari: «Iratzar ezazu gure jauna. Esklabo horiek gure kontra borrokatzera jaisteko ausardia izan dute. Denak garbi ditzagun nahi dute nonbait».
14 Sartu zen Bagoa eta barruko atea jo zuen, Holofernes Juditekin lo egongo zelakoan.
15 Baina, inork erantzuten ez zionez, atea ireki eta logelara sartu zen. Eta oin-aulki gainean hilotz eta burua mozturik aurkitu zuen Holofernes.
16 Bagoak deiadar egin zuen oihu handiz, hasperenka, zotinka eta garrasika, eta bere jantziak urratu zituen.