2 Erabat ikaratu eta izuturik, elkarri itxaron gabe, denak batera sakabanatu eta ihesi joan ziren lautada eta mendi-bideetan barrena.
3 Betulia inguruko mendietan zeudenek ere ihes egin zuten. Orduan, borrokarako gai ziren israeldar guztiak gainera etorri zitzaizkien.
4 Betomestaim, Bebai, Koba, Kola hirietara eta Israelen lurralde osora mandatariak bidali zituen Oziasek, gertatuaren berri ematera eta etsaien kontra irten eta suntsi zitzatela eskatzera.
5 Hori entzutean, israeldar guztiak aldi berean atera ziren etsaien kontra eta Kobaraino eraso zieten. Jerusalemgo bizilagunak eta mendialdekoak ere, etsaien kanpalekuan gertatuaren berri eman zietenean, etorri ziren erasotzera. Galaad eta Galileakoek ere eraso zieten saihetsetik eta jipoi handia eman, etsaiak Damaskora eta inguruetara heldu ziren arte.
6 Betuliako beste bizilagunek asiriarren kanpalekura jaitsi eta ahal zuten guztia harrapatu zuten; ondasun askoren jabe egin ziren.
7 Israeldar gudariak, sarraskia egitetik itzultzean, kanpalekuan gelditu zenaz jabetu ziren; mendialde eta lautadako herrixka eta baserrietakoek ere harrapakin ugari hartu zuten, izugarrizko multzoa baitzegoen.
8 Joakim apaiz nagusia eta Jerusalemen bizi ziren israeldarren arduradun-biltzarrekoak Betuliara etorri ziren, Jaunak Israelen alde egina ikustera; baita Judit ikusi eta agurtzera ere.