7 Hango mendateak hartzeko agintzen zien, huraxe baitzen Judearako bidea. Mendate haietan erraza zen etsaiak geldiaraztea, mendiartea estua baitzen eta binaka baizik ezin ziren igaro.
8 Israeldarrek bete egin zuten Joakim apaiz nagusiak eta Jerusalemen biltzen den arduradunen biltzarrak agindua.
9 Israelgo gizon guztiek oihu egin zioten sutsu Jainkoari, apaldu ziren beraren aurrean eta barau egin zuten gogotsu.
10 Beraiek eta beraien emazte, seme-alaba, abere-talde, bertan bizi ziren arrotz, langile alokatu eta esklaboek dolu-jantzia hartu zuten soinean.
11 Jerusalemen bizi ziren israeldar guztiak —gizaseme, emakume eta haurrak— tenpluaren aurrean ahuspeztu ziren, buruak errautsez estalirik, eta dolu-jantziak zabaldu zituzten Jaunaren aitzinean.
12 Aldarea ere dolu-jantziz estali zuten. Eta denek oihu egin zioten sutsu Israelen Jainkoari: etsaiei haurrak eramaten eta emakumeak harrapatzen ez uzteko, bere ondare zituen hiriak hondatzen eta toki santua profanatzen ez uzteko, iraintzen eta iseka egiten ez uzteko eskatuz.
13 Entzun zuen Jaunak haien deiadarra eta ikusi estualdia. Egun askotan jarraitu zuten barau egiten, bai Judeako herriak, bai Jerusalemgo jendeak, Jaun ahalguztidunaren tenplu aurrean.