3 eta esan zien: «Kanaandarrok, esadazue zein herri den mendietan bizi den hori, zein hiritan bizi den, nolako gudarostea duen, zer dela-eta duen halako indarra eta kemena eta zein errege duen agintari eta gudarostearen buru.
4 Esadazue zergatik ez duen irten nahi izan niri ongietorria egitera, mendebaldeko beste herri guztien antzera».
5 Akiorrek, amondarren buruzagiak, esan zion: «Entzun beza ene jaunak bere zerbitzari honek esan nahi diona. Egia esango diot, hemendik hurbil, lurralde menditsu horretan, bizi den herriari buruz. Nire ahotik ez da gezurrik aterako.
6 Kaldear jatorrikoa da herri hori.
7-8 Baina ez zituen Kaldeako bere arbasoen jainkoak gurtu nahi izan. Bere arbasoen erlijioa utzi eta zeruko Jainkoa gurtu zuen, bera aitortu baitzuen egiazko Jainkotzat. Horregatik, kaldearrek egotzi egin zuten beren jainkoen lurraldetik eta Mesopotamiara joan zen ihesi eta bertan bizi luzaro.
9 Bere Jainkoak Mesopotamiatik irten eta Kanaan lurraldera joateko agindu zion. Bertan bizi izan zen eta urre, zilar eta abere askoren jabe egin.
10 «Gero, gosete handia gertatu zen Kanaanen eta Egiptora jaitsi zen eta bertan iraun, janaririk izan zuen bitartean. Egipton ugaritu eta ezin zenbatu ahalako jendetza egin zen.