11 Gudariek, bada, hartu eta kanpalekutik kanpora eraman zuten, lautada aldera. Lautada igaro eta mendialdera heldu ziren, Betulia azpian dauden iturrien ingurura.
12 Mendi-gailurrean zegoen hiriko gizonek, ikusi zituztenean, armak harturik hiritik irten eta, habailaz harriak jaurtiz, maldan gora igotzea galarazi zieten.
13 Asiriarrek, arrastaka mendi-oinera hurbildurik, bertan lotu eta etzana utzi zuten Akior, eta beren nagusiagana itzuli ziren.
14 Israeldarrek, hiritik jaitsi, Akior askatu, Betuliara eraman eta hiriko buruzagiei aurkeztu zieten.
15 Simeonen leinuko Ozias, Mikaren semea, Kabris, Gotonielen semea, eta Karmis, Melkielen semea, ziren egun haietan buruzagi.
16 Haiek hiriko arduradunak bildu zituzten; gazteak eta emakumeak ere joan ziren biltzarrera lasterka. Ipini zuten Akior jendearen erdian, eta zer gertatu zen galdetu zion Oziasek.
17 Akiorrek Holofernesen biltzarrean esan zena, berak asiriarren buruzagien aurrean esan zuena eta Holofernesek Israel herriaren kontra botatako erronkak adierazi zizkien.