4 Kiskali egingo ditugu zeharo, mendiak odoletan blai utziko ditugu eta lautadak hildakoz josiak. Ezin izango digute zutik eutsi; hil eta txikitu egingo ditugu erabat. Hala esan du Nabukodonosorrek, mundu osoko jaunak, eta haren hitzak ez dira bete gabe geldituko.
5 Eta zuk, Akior, saripeko amondar horrek, gaur gure kontra jarri eta halako hitzak bota dituzun horrek, ez nauzu aurrerantzean ikusiko, harik eta Egiptotik ihes egindako jendaila horretaz mendekatu arte.
6 Orduan, nire gudarien ezpatak eta nire ofizialen lantzak saihetsak zulatuko dizkizute. Ni itzultzean, zu ere zaurituen artean eroriko zara.
7 Orain, nire gudariek lurralde menditsu horretara eramango zaituzte eta maldetan dauden hirietako batean utziko.
8 Ez zara hilko oraingoz, baina israeldarrekin batera garbituko zaitugu.
9 Eta ez ipini horrelako aurpegirik, harrapatuko ez ditugula espero baituzu zeure baitan. Hala esan dut eta ez da bete gabe geldituko nire hitz bat ere».
10 Akior hartu eta Betuliara eramateko agindu zien Holofernesek oihal-etxolan guardia egiten ari ziren gudariei, eta israeldarren esku uzteko.