13 hortik hartzen baitute ura Betuliakoek. Egarriak mendera ditzanean, emango dizute hiria. Gu geure gudari-taldeekin inguruko tontorretara igoko gara eta beraietan ezarriko dugu kanpalekua eta zain egonen gara, hiritik inor atera ez dadin.
14 Goseak ahituko ditu israeldarrak, beren emazte eta seme-alabekin, eta, ezpataz jo baino lehenago, beren hiriko plazetan zerraldo eroriko dira.
15 Orduan ordainaraziko diezu gogor zure kontra jaiki izana eta zure bidera bakean atera ez izana!»
16 Atsegin izan zitzaizkien aholku haiek Holofernesi eta ofizialei, eta buruzagiek esan bezala egiteko agindu zuen Holofernesek.
17 Amondar gudari-taldea eta haiekin batera bost mila asiriar aurreratu eta, kanpalekua haranean ezarririk, israeldarren urtegi eta iturriez jabetu ziren.
18 Esauren ondorengoek eta amondarrek mendietan, Dotaim aurrean, ezarri zituzten kanpalekuak eta gudari-taldeak bidali hegoalde eta ekialdera, Kus ondoan dagoen Egrebel aurrera, Mokmur erreka ondora. Gainerako asiriar gudari-taldeak lautadan gelditu ziren, lurrazal osoa estaliz. Oihal-etxolek eta tresneriak izugarrizko zabalera hartu zuten, jendetza handia baitzen.
19 Israeldarrek deiadar egin zioten Jaunari, beren Jainkoari, kikilduak baitzeuden, etsaiak inguraturik zeuzkala eta ihesbiderik ez zutela ikustean.