13 toki sakratuan jango duzue. Horixe da Jaunaren ohorez erretako oparitik zeuri eta zure semeei dagokizuen partea, Jaunak agindu zidan bezala.
14 Israeldarrek elkartasun-oparitzat eskainitako aberearen bularra eta izterra ere, Jaunari aurkeztua bata eta zuentzat aparte utzitakoa bestea, toki garbian jango dituzue zeuk eta zure seme-alabek. Horixe da israeldarren elkartasun-oparietatik dagokizuen partea.
15 Izterra eta bularra Jaunaren ohorez erretako oparien gantzarekin batera eramango dituzte eskaintzaileek eta, errituzko aurkezpen-keinua eginez, Jaunari aurkeztuko. Zeuri eta zure semeei dagokizuen partea da betiko, Jaunak agindu bezala».
16 Moisesek barkamen-opariko akerraz galdegin zien orduan, eta jadanik errea zela jakin zuen. Haserretu egin zen Moises Aaronen seme Eleazar eta Itamarren kontra, eta esan zien:
17 —Zergatik ez duzue barkamen-oparigaia toki sakratuan jan? Guztiz sakratua da, elkartearen errua kentzeko eta Jaunaren aurrean haren aldeko barkamen-ohikunea egiteko Jaunak zuei emana.
18 Akerraren odola santutegi barrura eramana izan denez gero, toki sakratuan jan behar zenuten, agindu nizuen bezala.
19 Aaronek erantzun zion:—Zuk dakizu zer gertatu zaidan gaur, israeldarrek Jaunaren aurrean beren barkamen-oparia eta erre-oparia eskaini dituzten egun honetan. Ontzat emango ote zuen Jaunak gaur nik barkamen-oparigaia jatea?