10 Bestea, zorteak Azazelentzat aukeratua, bizirik ipiniko du Jaunaren aurrean, haren gain barkamen-ohikunea egiteko; gero, Azazeli bidaliko dio basamortura.
11 «Aaronek bere barkamen-opariko zekorra aurkeztuko du eta hil, bere eta etxekoen aldeko barkamen-ohikunea eginez.
12 Jaunaren aurrean dagoen aldareko ikatz goriz errautsontzia betez eta bi eskutada intsentsu-hauts usaintsu hartuz, errezelaz barrualdera eramango ditu.
13 Jaunaren aurrean, intsentsua ikatz gorietara botako du; intsentsuaren keak itun-agiriaren gaineko estalkia estaliko du, eta Aaron ez da hilko.
14 Zekorraren odoletik pixka bat hartu eta behatzez estalkia zipriztinduko du ekialdetik; gero, zazpi bider zirtatuko du behatzez estalki aurrean.
15 Ondoren, herriaren barkamen-oparirako akerra hilko du; honen odola errezelaz barrualdera eramango du eta zekorraren odolaz eginikoa bera egingo: estalkia zipriztinduko du eta estalki aurrean zirtatuko.
16 Honela, santutegiaren garbikuntza-ohikunea egingo du, israeldarren kutsadura, errebeldia eta bekatu guztiengatik. Beste horrenbeste egingo du israeldarren artean, beraien kutsaduren erdian, dagoen elkarketa-etxolarekin.