5 «Jaunari elkartasun-opariak egitean, eskaini hark atseginez onartzeko eran:
6 oparigaia jan, opaldua izan den egunean eta biharamunean jango duzue; baina hirugarren egunerako sobera gelditua erre egingo duzue.
7 Norbaitek hirugarren egunean jango balu, ez litzaioke Jaunari atsegin izango: gaitzesgarria da haragi hori.
8 Horretatik jan dezanak bere hobenaren ondorenak jasan beharko ditu, Jaunari sagaratua profanatu baitu: herritik bota egingo dute.
9 «Zeuen uzta biltzean, ez duzue soro-bazterrekoa moztuko, ezta eroritako galburuak biltzen ibiliko ere.
10 Ez dituzue atzean utzitako mahats-hondarrak bilduko, ezta lurrera eroritakoak jasotzen ibiliko ere. Pobreentzat eta etorkinentzat utziko dituzue. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.
11 «Ez ostu, ez esan gezurrik, ez egin iruzurrik zeuen herritarrari.