3 «Sei egunez egingo duzue lan, baina zazpigarrena larunbata da, atseden-egun berezia. Batzar sakratua eginez ospatuko duzue. Ez duzue inolako lanik egingo. Nonahi bizi zaretela ere, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna izango duzue.
4 «Hona hemen batzar sakratua eginez ospatuko dituzuen festaburuen egutegia:
5 «Lehen hilaren hamalauan, ilunabarrean, Pazkoa ospatuko duzue Jaunaren ohorez.
6 «Hilabete beraren hamabostean Legamia gabeko Ogien Jaia ospatuko duzue Jaunaren ohorez. Zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue.
7 Astearen lehen egunean batzar sakratua egingo duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo.
8 Asteko egun bakoitzean opariak erreko dituzue Jaunaren ohorez. Zazpigarrenean batzar sakratua egingo duzue berriro eta ez da ohiko lan arruntik egingo».
9 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: