36 «Etsaien lurraldean bizirik geldituko zaretenoi barru-barrurainoko larria sentiaraziko dizuet: airean doan hostoaren hotsa aski izango da zuei ihes eragiteko; ezpataz atzetik erasoko balizuete bezala egingo duzue ihes. Inork eraso gabe eroriko zarete.
37 Gudutik ihesi doazenak bezala egingo duzue elkarrekin estropezu, nahiz eta inork eraso ez. Ez zarete gauza izango etsaiei aurre egiteko.
38 Atzerrian hilko zarete, zeuen etsaien lurpean irentsirik geldituko.
39 Eta zuetarik zenbait bizirik gelditzen badira, han ustelduko dira atzerrian beren gaiztakeriengatik, berenengatik eta beren gurasoenengatik.
40 «Baina azkenik aitortuko dute beren errua eta beren gurasoena: zein desleial izan zitzaizkidan eta nola egin zidaten aurka, alegia.
41 Horregatik egin nien nik ere aurka eta etsaien lurraldera eraman, ea horrela haien barru sinesgogorra apaltzen zen eta zigorra merezia zutela aitortzen zuten.
42 Orduan, Jakobekin, Isaakekin eta Abrahamekin eginiko itunaz oroituko naiz, baita lurraldeari buruzko agintzariaz ere.