11 «Bi usapal edo bi usakume erosteko ahalbiderik ez duenak, lau kilo ogi-irin garbi eramango ditu barkamen-oparitzat. Ez dio oliorik isuriko gainera, ezta intsentsurik ezarriko ere, barkamen-oparia baita.
12 Apaizari eramango dio. Apaizak eskutada bat irin hartuko du eskaintzailearen oroigarritzat eta aldarean erreko, Jaunaren ohorez erretako opariekin batera. Barkamen-oparia da hau.
13 Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du pertsona horrek bekatua. Gainerako irina apaizarentzat izango da, labore-oparietan bezala».
14 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
15 «Norbaitek, Jaunari sagaratu beharreko emaitzetan iruzur eginez, oharkabean bekatu egiten badu, ahari akats gabea eramango dio Jaunari ordain-oparitzat; zilarretan hainbesteko bat balioko du ahariak, santutegiko pisu-neurriaren arabera.
16 Gainera, Jaunari sagaratu beharreko emaitzetan iruzur egina eta bosteko bat gehiago itzuli beharko du eta apaizari eman. Apaizak, ordain-oparitzat aharia eskainiz, haren aldeko barkamen-ohikunea egingo du eta barkatua izango du bekatua.
17 «Norbaitek, Jaunak debekatua duen zerbait eginez, konturatzeke bekatu egiten badu, errudun bihurtzen da eta bere hobenaren ondorenak jasan behar ditu.