12 Apaizari eramango dio. Apaizak eskutada bat irin hartuko du eskaintzailearen oroigarritzat eta aldarean erreko, Jaunaren ohorez erretako opariekin batera. Barkamen-oparia da hau.
13 Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du pertsona horrek bekatua. Gainerako irina apaizarentzat izango da, labore-oparietan bezala».
14 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
15 «Norbaitek, Jaunari sagaratu beharreko emaitzetan iruzur eginez, oharkabean bekatu egiten badu, ahari akats gabea eramango dio Jaunari ordain-oparitzat; zilarretan hainbesteko bat balioko du ahariak, santutegiko pisu-neurriaren arabera.
16 Gainera, Jaunari sagaratu beharreko emaitzetan iruzur egina eta bosteko bat gehiago itzuli beharko du eta apaizari eman. Apaizak, ordain-oparitzat aharia eskainiz, haren aldeko barkamen-ohikunea egingo du eta barkatua izango du bekatua.
17 «Norbaitek, Jaunak debekatua duen zerbait eginez, konturatzeke bekatu egiten badu, errudun bihurtzen da eta bere hobenaren ondorenak jasan behar ditu.
18 Beraz, ahari akats gabea eramango dio apaizari, ordain-oparikoaren balio berekoa. Konturatzeke bekatu egin duenaren alde barkamen-ohikunea egingo du apaizak eta hark barkatua izango du bekatua.