14 Barkamen-oparirako zekorra ekarrarazi zuen. Aaronek eta beronen semeek eskuak zekorraren buruan ezarri ondoren,
15 hil egin zuen Moisesek eta, odola harturik, behatzez aldare-ertzeko adarrak igurtzi zituen alde guztietatik, aldarearen garbikuntza eginez; gainerako odola aldare-oinean isuri zuen; horrela, aldarea sagaratu zuen, garbikuntza-ohikunea haren gain eginez.
16 Ondoren, heste gaineko gantza, gibela estaltzen zuena eta giltzurrunak berauen gantzarekin harturik, aldarean erre zituen.
17 Baina zekorraren gainerakoak —larrua, haragia eta hesteak— kanpalekutik atera eta erre egin zituen, Jaunak agindua zion bezala.
18 Gero, erre-oparirako aharia ekarrarazi zuen. Aaronek eta beronen semeek ahariaren buruan eskuak ezarri ondoren,
19 hil egin zuen Moisesek, eta odolaz aldarea zipriztindu zuen alde guztietatik.
20 Aharia zatitu egin zuen eta burua, zatiak eta gantzak erre.