28 Gero, Moisesek berriro haien eskuetatik hartu eta aldarean erre zuen guztia, erre-opari gisa eskainitakoaren gainean. Apaizen sagarapenerako oparia izan zen, eta Jaunak atseginez onartu zuen bere ohorez erretako oparia.
29 Moisesek bularra hartu eta, errituzko aurkezpen-keinua eginez, Jaunari eskaini zion. Hori zen sagarapen-aharitik Moisesi zegokion zatia, Jaunak agindua zion bezala.
30 Moisesek gantzuketa-oliotik eta aldare gainean zegoen odoletik harturik, Aaron eta beronen jantziak eta semeak eta berauen jantziak zipriztindu zituen; honela, bai Aaron eta semeak, bai beraien jantziak, sagaratu zituen.
31 Moisesek esan zien Aaroni eta beronen semeei: «Egosi haragia elkarketa-etxolaren sarreran; han bertan jango duzue sagarapenerako prestaturiko saskian dagoen ogiarekin batera, nik jaso nuen aginduaren arabera: “Aaronek eta beronen semeek jango dute”.
32 Sobera gelditzen diren haragia eta ogia erre egingo dituzue.
33 Ez duzue elkarketa-etxolaren sarreratik alde egingo zazpi egunez, apaiz-sagarapena burutu arte; zazpi egun iraungo baitu apaizgoa hartzeko ohikuneak.
34 Gaur egin den bezala egiteko agindu du Jaunak, zuen bekatuen barkamena lortzeko.