1 «Orain, apaizok, hona hemen zuentzako oharpena.
2 Honela diot nik, Jaun ahalguztidunak: Entzuten ez badidazue eta niri ohore emateko ardurarik ez baduzue, madarikazioa bidaliko dizuet, zuek emandako bedeinkazioak ere madarikazio bihurtuko ditut. Halaxe bihurtuko ditut, ezerk ez baitizue ardura.
3 «Begira, ahalmena kendu egingo dizuet, eta simaurra botako aurpegira, zeuen jaietan hildako abereen simaurra, eta beronekin batera eramango zaituztete zeuek ere.
4 Eta jakingo duzue, jakin, Lebirekin egina dudan itunak iraun dezan egiten dizuedala oharpen hau. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
5 «Neure itunaz bizia eta bakea agindu nizkion Lebiri, baita eman ere. Begirunea eskatu nion; hark begirune izan zidan, eta ikara izan zen nire aurrean.
6 Egiazko irakaspena zuen Lebik ahoan; haren ezpainetan ez zen inoiz okerrekorik aurkitu. Leial eta zuzen jokatu zuen nirekin, asko eta asko gaiztakeriatik urruntzen zituelarik.
7 Izan ere, apaizen egitekoa ni ezagutzen irakastea da; irakaspen jatorra eskatzen zaio apaizari, Jaun ahalguztidunaren mandataria baita.