6 Baratzeko hesia bezala bota ditu haren harresiak,haren batzarlekua xehatu.Jaiegunak eta larunbata ahaztarazi ditu Jaunak Sionen.Errege-apaizak gaitzetsi ditu haserrearen haserrez.
7 Jaunak higuin izan dio bere aldareari,gorroto bere santutegiari.Etsaiaren eskuetan utzi ditu hiriko dorretxeak.Garrasika ari dira Jaunaren etxean, jai-batzarretan bezala.
8 Sion hiri ederreko harresia desegitea erabaki du Jaunak:ez dio hondatzeari utziko, harik eta dena berdindu arte.Doluz estali ditu dorre eta harresiak,denak batera amildu dira.
9 Lur jo dute hiriko ateek, hauts egin ditu hango morroiloak.Haren errege eta buruzagiak jentilen eskuetan daude.Ez da Jainkoaren legerik irakasten;profetek berek ere ez duteJainkoarengandiko agerpenik jasotzen.
10 Lurrean eserita, isilik daude Sion hiri ederreko zaharrak,beren buruetara hautsa bota eta dolu-jantziaz estalirik.Jerusalemgo neskatxak burumakur dabiltza.
11 Begiak erreak ditut negarrez, barrua irakiten, bihotza eroria,nire herriaren hondamendia dela eta,haurrak eta bularrekoak hiriko kaleetan ahulduak daudelako.
12 Amari galdezka ari dira: «Non dira garia eta ardoa?»Zauriturik bezala erortzen dira hiriko kaleetan,amaren altzoan azken arnasa emanez.