1 Hau da Hakaliasen seme Nehemiasen historia.Artaxerxesen erregealdiko hogeigarren urtean, Kisleu hilean, Susa hiri gotorrean nengoela,
2 Hanani, neure anaietako bat, etorri zitzaidan Judatik, gizon-talde batekin. Erbestealditik libre gelditu ziren juduen eta Jerusalem hiriko berriak eskatu nizkien.
3 Eta erantzun zidaten: «Erbestealditik libre gelditu direnak zoritxar handian eta egoera lotsagarrian daude Juda eskualdean; Jerusalemgo harresiak, berriz, zuloz beteak daude, eta hiriko ateak suak kiskaliak».
4 Berri hauek entzutean, jarri eta negarrari eman nion; dolu egin nuen egun batzuetan, baraurik eta zeruko Jainkoaren aurrean otoitzean.
5 Honela egin nuen otoitz: «Jauna, zeruetako Jainkoa, Jainko handi eta ikaragarria, zuk itunari eusten diozu eta leiala zara maite zaituztenekin eta zure aginduak betetzen dituztenekin.