2 Hanani, neure anaietako bat, etorri zitzaidan Judatik, gizon-talde batekin. Erbestealditik libre gelditu ziren juduen eta Jerusalem hiriko berriak eskatu nizkien.
3 Eta erantzun zidaten: «Erbestealditik libre gelditu direnak zoritxar handian eta egoera lotsagarrian daude Juda eskualdean; Jerusalemgo harresiak, berriz, zuloz beteak daude, eta hiriko ateak suak kiskaliak».
4 Berri hauek entzutean, jarri eta negarrari eman nion; dolu egin nuen egun batzuetan, baraurik eta zeruko Jainkoaren aurrean otoitzean.
5 Honela egin nuen otoitz: «Jauna, zeruetako Jainkoa, Jainko handi eta ikaragarria, zuk itunari eusten diozu eta leiala zara maite zaituztenekin eta zure aginduak betetzen dituztenekin.
6 Beude zabalik zure begiak eta adi zure belarriak zerbitzari honen otoitzera, gau eta egun ari bainaiz zure zerbitzari israeldarren alde otoitzean. Aitortzen ditut israeldarrok zure aurka egin ditugun bekatuak: bai, ni neu eta nire aitaren senitartea ere bekatari gara.
7 Benetan, oso gaizki jokatu dugu zurekin, ez baititugu bete zure zerbitzari Moisesi eman zenizkion agindu, lege eta erabakiak.
8 Hala ere, gogora ezazu zeure zerbitzari Moisesi esan zeniona: “Nirekin zintzo jokatzen ez baduzue, atzerriko nazioen artean sakabanatuko zaituztet.