8 Guztiari begiratu bat eman ondoren, handiki, agintari eta gainerako herriari esan nien: «Ez izan beldurrik! Oroit zaitezte Jainko handi eta ikaragarriaz; borroka zaitezte zeuen senide, seme-alaba, emazte eta etxekoen alde!»
9 Etsaiak ohartu ziren jakinaren gainean geundela. Honela ezereztu egin zituen Jainkoak beraien asmoak, eta gu harresietara itzuli ginen, nor bere lanera.
10 Baina, egun hartatik aurrera, nire gizonen erdiak lan egiten zuen bitartean, beste erdia lantzaz, ezkutuz, gezi-uztaiz eta korazaz armaturik egon ohi zen. Buruzagiek judu guztien ardura zuten.
11 Bai harresia egiten zutenek eta bai gauzak garraiatzen zituztenek esku batean arma zuten, besteaz lanean ari ziren bitartean.
12 Hargin guztiek ezpata gerrian zeramatela egiten zuten lan. Turuta-jotzailea neure ondoan nuen.
13 Eta, esan ere, esan nien handiki, agintari eta herriko gainerako jendeari: «Lana handia eta zabala dugulako, harresi gainean sakabanatuta gabiltza, bata bestearengandik urrun.
14 Beraz, turuta-hotsa entzuteaz batera, edonon zaudetela ere, bil zaitezte guregana. Gure Jainkoa borrokatuko da gure alde».