11 Rafaelek esan zion mutilari:—Tobias, ene adiskide!Tobiasek, orduan:—Zer?Eta aingeruak:—Gaurko gaua Raguelen etxean emango dugu. Ahaidea duzu. Sara izeneko alaba
12 bakarra du; ez du beste semerik, ez alabarik, Sara baizik. Zu zaitu ahaiderik hurbilena; horregatik, beste inork baino eskubide handiagoa duzu berarekin ezkontzeko, baita beraren aitaren ondasunak ondaretzat hartzeko ere. Neska zuhurra eta kementsua da eta oso polita; etxe onekoa du aita.
13 Eta gehitu zuen:—Zuk duzu berarekin ezkontzeko eskubidea. Entzun, lagun. Gaur gauean beraren alabaz mintzatuko natzaio aitari, emaztegaitzat eman diezazun eta, Ragetik itzultzean, ezteiak egingo ditugu. Badakit Raguelek ez dizula ukatuko, ezta beste bati emango ere. Heriotza mereziko luke, Moisesen liburuko erabakiaren arabera; bai baitaki zuri dagokizula beste inori baino lehenago beraren alabarekin ezkontzeko eskubidea. Entzun, bada, lagun. Gaur gauean bertan hitz egingo dugu neskari buruz eta zure emaztegaitzat eskatuko eta, Ragetik itzultzean, hartu eta zuen etxera eramanen dugu.
14 Baina Tobiasek ihardetsi zion:—Azarias adiskidea, entzun izan dut zazpitan ezkondu zela eta zazpi senarrak ezkontza-gelan hil zitzaizkiola, berarengana joaten ziren gau berean. Demonioren batek hiltzen omen zituen.
15 Beldur naiz ni horregatik. Demonioak ez dio emakumeari kalterik egiten; baina berarengana hurbildu nahi duena hil egiten du. Seme bakarra naiz eta, hilko banintz, heriotzara eramango nituzke neure aita-amak ere, niregatik atsekabeturik. Eta ez dute beste semerik, beraiei hildakoan lur emateko.
16 Rafaelek esan zion:—Ahaztu al zaizu aitaren esana? Berak agindu zizun emaztea beraren senitartean hartzeko. Aditu, ene lagun; ez kezkatu demonio horrengatik, eta ezkondu neska horrekin. Badakit gaur gauean bertan emango dizutela emaztetzat.
17 Eta ezkontza-gelan sartzean, hartu arrainaren gibel-puska bat eta bihotza, eta ipini usainkiak erretzeko su-ontzian. Usaina zabaltzean, demonioak usnatu eta ihes egingo du, eta ez da inoiz ere itzuliko.