Tobit 6:7-13 EABD

7 mutilak galdetu zion aingeruari:—Azarias, ene anaia, zein sendagai ateratzen da arrainaren bihotz, behazun eta gibeletik?

8 Aingeruak erantzun:—Demonioak edota espiritu gaiztoren batek gizon nahiz emakumeren bati erasotzean, halakoaren aurrean arrainaren bihotza eta gibela errez gero, ez dio berriro erasoko; betiko ihes egingo du.

9 Behazunez, berriz, igurtzi begiak lausoturik dituenari, haize eman begietara eta sendatu egingo zaizkio.

10 Median sartu eta Ekbatana hirira hurbiltzean,

11 Rafaelek esan zion mutilari:—Tobias, ene adiskide!Tobiasek, orduan:—Zer?Eta aingeruak:—Gaurko gaua Raguelen etxean emango dugu. Ahaidea duzu. Sara izeneko alaba

12 bakarra du; ez du beste semerik, ez alabarik, Sara baizik. Zu zaitu ahaiderik hurbilena; horregatik, beste inork baino eskubide handiagoa duzu berarekin ezkontzeko, baita beraren aitaren ondasunak ondaretzat hartzeko ere. Neska zuhurra eta kementsua da eta oso polita; etxe onekoa du aita.

13 Eta gehitu zuen:—Zuk duzu berarekin ezkontzeko eskubidea. Entzun, lagun. Gaur gauean beraren alabaz mintzatuko natzaio aitari, emaztegaitzat eman diezazun eta, Ragetik itzultzean, ezteiak egingo ditugu. Badakit Raguelek ez dizula ukatuko, ezta beste bati emango ere. Heriotza mereziko luke, Moisesen liburuko erabakiaren arabera; bai baitaki zuri dagokizula beste inori baino lehenago beraren alabarekin ezkontzeko eskubidea. Entzun, bada, lagun. Gaur gauean bertan hitz egingo dugu neskari buruz eta zure emaztegaitzat eskatuko eta, Ragetik itzultzean, hartu eta zuen etxera eramanen dugu.