5 Andreak galdegin zuen:—Nola dago?Haiek erantzun:—Ongi. Bizi da oraindik.Eta Tobiasek gehitu zuen:—Aita dut!
6 Orduan, Raguelek salto batean jaiki eta musu eman zion, negarrez. Gero, esan zion:—Bedeinkatua zu, ene seme! Jatorra eta ona duzu aita. Bai zoritxarra halako gizon zuzena, hainbeste limosna egin ohi zuena, itsu gelditzea!Eta bere ahaide Tobiasi lepotik helduz, negarrari eman zion.
7 Edna emaztea eta Sara alaba ere negarrez hasi ziren.
8 Gero, ahari bat hilarazi eta ongi hartu zituen.
9 Bainua hartu eta garbitu ondoren mahaian eseri zirenean, Tobiasek esan zion Rafaeli:—Azarias adiskidea, eskatu Ragueli eman diezadan Sara neure ahaidea.
10 Entzun zuen hori Raguelek eta esan zion gazteari:—Jan eta edan eta gau ona igaro! Zuri beste inori ez dagokio, ene senide, Sara nire alabarekin ezkontzea. Neuk ere ezin izango nioke beste inori eman, zu baitzaitut ahaiderik hurbilena. Baina, ene seme, egia osoa esan behar dizut:
11 Gure herritarren arteko zazpi gizonekin ezkondu zen eta denak hil ziren berorrengana hurbildu ziren gauean. Baina, tira, jan eta edan, seme, eta Jaunak lagunduko dizue.