2-3 Israeldarrei mezu hau iragartzeko agindu zion Jaun ahalguztidunak: «Ni, Jauna, oso haserre jarri nintzen zuen arbasoen aurka. Zuek, hala ere, itzul zaitezte niregana eta itzuliko naiz ni zuengana. Hala diot nik, Jaun ahalguztidun honek.
4 Ez zaitezte izan zeuen arbasoen antzeko. Orduko profetek ere hots egiten zieten Jaun ahalguztidunaren dei hau: “Itzul zaitezte zuen bide eta egintza gaiztoetatik”. Baina ez zidaten entzun, ezta jaramonik egin ere. Hala diot nik, Jaun honek.
5 Non dira orain zuen arbasoak? Eta profetak betiko bizi ote dira?
6 Nire zerbitzari profetei eman nizkien hitz eta aginduek, ordea, zentzarazi zituzten azkenik zuen arbasoak. Eta itzuli egin ziren niregana, aitortuz, nik, Jaun ahalguztidun honek, beren bide eta egintzen arabera erabili nituela, erabakia neukanez».
7 Darioren erregealdiko bigarren urtean, Xebat deritzan hamaikagarren hilaren hogeita lauan, Idoren seme zen Berekiasen seme Zakarias profetari mezua eman zion Jaunak. Hona Zakariasen azalpena.
8 Gau-ikuskari batean, zaldizko bat ikusi nuen zaldi gorri baten gainean, zulogune batean geldirik, sastraka artean; haren atzean, zenbait zaldi gorri, nabar eta zuri.
9 Eta galdetu nuen:—Zer adierazten dute, jauna?Niri adierazpenak emateko zegoen aingeruak erantzun zidan:—Erakutsiko dizut zer adierazten duten.