1 Israeldarrak berriro abiatu eta Moabeko lautadan ezarri zuten kanpalekua, Jordanez ekialdera, Jerikoren parean.
2-4 Garai hartan, Moabeko erregea Tziporren seme Balak zen. Jakin zuen erregeak israeldarrek amortarrei egindakoa, eta moabdarrak beldurrak hartu zituen Israel herria hain ugaria zela ikusirik. Israeldarren aurrean izututa, moabdarrek Madiango herri-arduradunei esan zieten: «Idiak zelaiko belarra bezala garbituko ditu jendalde horrek gure inguru guztiak».
5 Moabeko erregeak mezulariak bidali zizkion Beorren seme Balaami Eufrates ondoko Petor hirira, amautarren lurraldera, mandatu hau emateko: «Herri bat atera da Egiptotik eta lurralde osoa estali du; orain gure aurrean kokatua dago.
6 Zatoz lehenbailehen, eta madarika ezazu herri hori, nirea baino indartsuagoa baita. Beharbada, menderatu ahal izango dut eta lurraldetik bota. Izan ere, badakit jakin, zuk bedeinkatua bedeinkaturik gelditzen dela eta zuk madarikatua madarikaturik».
7 Moab eta Madiango herri-arduradunak, madarikazio-zina ordaintzeko dirua harturik, Balaamengana joan ziren eta Balaken mezua adierazi zioten.
8 Balaamek esan zien: «Igaro hemen gaua eta emanen dizuet erantzuna Jaunak esango didanaren arabera».Horrela, Moabeko buruzagiak Balaamekin gelditu ziren.