1 Galaaden senitarteko arduradunek —Galaad Joseren ondorengoa zen, Makirren semea eta Manasesen iloba— Moises eta israeldar senitarteen arduradunengana joan
2 eta esan zieten: «Jaunak zozketaz lurraldea israeldarrei banatzeko agindu dizu, baita gure senide Tzelofhaden ondarea beraren alabei emateko ere.
3 Horiek horrela, alabak beste leinuren bateko gizonekin ezkonduko balira, beraien ondare-zatia, gure arbasoen ondaretik banandu eta senarren leinukoari erantsiko litzaioke. Horrela, zozketan egokitu zitzaigun ondarea murriztua gertatuko litzateke.
4 Eta Jubileu Urtea iristean, Tzelofhaden alaben ondarea behin betiko erantsiko litzaioke senarren leinukoari eta gure arbasoen leinutik banandurik geldituko».
5 Orduan, Jaunaren aginduz, argibide hauek eman zizkien Moisesek: «Arrazoia dute Joseren leinukoek.
6 Hona, bada, Jaunak agintzen duena Tzelofhaden alabei buruzko auzian: Hauek nahi duten gizonekin ezkon daitezke, beraien aitaren leinuko senitartekoa izatekotan.
7 Horrela, israeldarren artean ez da ondare-zatirik leinu batetik bestera aldatuko; israeldarrek nork bere aitaren ondareari atxikirik jarraituko dute.