1 Israelgo leinu guztiek Hebronera Davidengana bildu eta esan zioten: «Zeure odolekoak gaituzu gu ere.
2 Lehendanik, Saul gure errege zenean ere, zuk zenituen Israelen joan-etorriak gidatzen. Jaunak esana dizu: “Zuk gidatuko duzu ene herri Israel eta zu izanen zara israeldarren agintari”».
3 Etorri ziren, bada, israeldarren buruzagi guztiak Hebronera David erregeagana, eta hitzarmena egin zuen honek haiekin Jaunaren aurrean. Haiek Israelgo errege gantzutu zuten.
4 Hogeita hamar urte zituen Davidek errege izaten hasi zenean, eta berrogei urtez izan zen errege.
5 Hebronen zazpi urte eta erdiz izan zen Judako errege, eta Jerusalemen hogeita hamahiru urtez Israel osoko eta Judako errege.
6 Erregeak, berekin zituen gizon guztiekin, Jerusalemerantz jo zuen, lurralde hartan bizi ziren jebustarren kontra. Hauek esaten zioten Davidi: «Ez zara hona sartuko; itsuak eta herrenak aski dira zuri eusteko!» David inola ere ez zela sartuko uste zuten.
7 Hala ere, jabetu zen David Siongo gotorlekuaz, gero Daviden Hiri deituko zutenaz.