14 Erregeagana hurbildu zirenen artean zeuden Karxena, Xetar, Admata, Tarxix, Meres, Marsena eta Memukan, Pertsia eta Mediako zazpi buruzagiak; hauek sar zitezkeen erregearen aurrera, erreinuko mailarik gorenetakoak zirelako.
15 Erregeak esan zien:—Nik, Asuero erregeak, agindu bat bidali diot morroien bidez Baxti erreginari; berak, ordea, ez du bete nahi izan. Zer dio legeak egin behar litzaiokeela?
16 Memukan mintzatu zen erregearen eta buruzagien aitzinean: «Erregea ez ezik, buruzagiak eta Asuero erregearen erresumako eskualde guztietan bizi diren herriak ere iraindu egin ditu Baxti erreginak.
17 Emakume guztiek izango baitute erreginak egin duenaren berri, eta beren senarrak gutxiesten hasiko dira, esanez: “Asuero erregeak bere aurrera joateko agindu zion Baxti erreginari eta hau ez zitzaion joan”.
18 Aurrerantzean, Pertsia eta Mediako buruzagien emazteek, erregina nola jokatu den ikusirik, gutxietsi egingo dituzte erregearen buruzagiak, eta gutxiespen honek haserreak sortuko ditu.
19 Erregeak ongi baderitzo, eman bedi berorren izenean eta ezarri Pertsia eta Mediako legeen artean aldaezineko agindu hau: “Ez dadila Baxti aurrerantzean Asuero erregeagana inoiz agertu eta hura baino hobea izanen denari eman diezaiola berorrek erregina izatea”.
20 Horrela, erregeak harturiko erabakia, hain zabala den inperio osora hedatuko da. Orduan, emazte guztiek beren senarrei, nola handienei hala apalenei, begirune izanen diete».