12 Hamabi hilabeteren buruan, emakumeentzat agindua zegoen epea bete ondoren, neskatxa bakoitzari Asuero erregearen aitzinera agertzeko txanda etortzen zitzaion. Edertzeko igurzketak honela egin ohi ziren: sei hilabetez mirra-olioz, eta hurrengo seietan emakumeek erabili ohi dituzten lurrin eta usainki gozoz.
13 Neskatxa batek erregearen aurrera azaldu behar zuenean, apaintzeko eskatzen zuen guztia eman ohi zioten, haremetik jauregira berekin eraman zezan.
14 Ilunabarrean sartzen zen jauregira, eta biharamun goizean beste harem batera joan ohi zen, Xaaxgaz-en, erregearen emakume-zain zen irenaren, ardurapean jarriz. Ez zen berriro erregearen aurrera agertuko, erregeak bera desiratu eta deitu ezik.
15 Heldu zitzaion, bada, Esterri, Mardokeok alabatzat hartua zuen bere osaba Abihailen alabari, erregearen aurrera agertzeko txanda. Horretarako, emakume-zain zen Hegaik, erregearen irenak, esan ziona baizik ez zuen eskatu Esterrek. Ikusten zuten guztien onginahia bereganatzen zuen.
16 Asueroren erregealdiaren zazpigarren urteko hamargarren hilean, hots, Tebet hilean, eraman zuten Ester erregearen aurrera.
17 Erregeak maiteago izan zuen Ester beste emakume guztiak baino; honek bereganatu zituen, beste neskatxa guztien artean, erregearen onginahia eta amodioa. Berari ezarri zion buruan erregina-koroa, eta erregina egin zuen Baxtiren ordez.
18 Ondoren, otordu handia eman zien erregeak buruzagi eta funtzionarioei, Esterren omenez. Zergak arindu zituen eskualdeetan, eta erregeari dagokion oparotasunez banatu zituen erregaliak.