2 Honela mintzatu zitzaizkion orduan erregeari bere funtzionarioak: «Bil ditzatela erregearentzat neskatxa gazteak, birjinak eta politak.
3 Izenda itzazu zeure erresumako eskualde guztietan mandatariak, neskatxa birjinak eta politak Susara, erregearen haremera, ekar ditzaten; utz ditzatela emazteki horiek zaintzeko kargua duen Hegairen, erregearen irenaren, ardurapean; honek emango dizkie apaingarriak.
4 Eta emazteki horien artetik erregearen gogoko gertatzen dena izan bedi erregina, Baxtiren ordez».Ongi iruditu zitzaion erregeari, eta horrela egin zuen.
5 Bazen Susa hirian Mardokeo zeritzan judu bat, Jair-en semea, eta Ximeiren biloba, Benjaminen leinuko Kixen ondorengoa.
6 Babiloniako errege Nabukodonosorrek erbesteratua zuen Jerusalemdik, Judako errege Jekoniasekin atzerriratu zituenekin batera.
7 Bere lehengusina Hadasaren, hau da, Esterren, aitaordea zen, ez baitzuen Esterrek aitarik, ez amarik. Neska liraina zen gorputzez, eta biziki ederra. Aita-amak hil zitzaizkiolarik, Mardokeok zuen alabatzat hartua.
8 Erregearen esana eta erabakia zabaldurik, anitz neskatxa bildu zuten Susa hirira, Hegairen ardurapean jarriz. Ester ere jauregira eraman zuten besteekin batera eta Hegairen, emakume-zainaren, ardurapean jarri.