2 «Maite zaituztet», dio Jaunak. Baina zuek galdetzen duzue: «Zertan agertzen diguzu, bada, zeure maitasuna?» Eta Jaunak erantzuten: «Ez ote zen Esau Jakoben anaia? Hala ere, Jakob izan nuen maite,
3 eta ez Esau. Horregatik, Esauren ondorengo edomdarren mendialdea lur soil bihurtuko dut, eta haren sailak basamortuko txakalei utziko dizkiet.
4 Edomdarrek esan dezakete: “Hondatuak gaude, baina berriro jasoko ditugu horma eroriak”. Nik, ordea, Jaun ahalguztidun honek, honela diot: Jaso ditzatela, berriro botako baititut. “Gaiztakeri lurralde” deituko zaie, edota “Jauna betiko haserre duen herri”.
5 Zeuen begiz ikusiko duzue hau, eta esango: “Handia da Jauna, baita Israelgo mugez harantzago ere” ».
6 Honela diotse Jaun ahalguztidunak apaizei: «Semeak aita ohoratzen du, bai morroiak ere nagusia. Beraz, ni aita baldin banauzue, non da zor didazuen ohorea? Zeuen nagusi banauzue, non da zor didazuen begirunea? Zuek, apaizok, mespretxatu egiten nauzue, eta “Zertan mespretxatu zaitugu, bada?” galdetzen oraindik.
7 Behar ez bezalako janariak dakartzazue nire aldarera, eta “Zertan iraindu zaitugu, bada?” diozue. Nire aldareak ez diola axolarik esanez iraintzen nauzue.
8 Oparitzat abere itsua eskaintzea ez al dago gaizki? Eta abere herrena edo gaixoa eskaintzea ez al dago gaizki? Eskaini, bada, horiek zeuen gobernariari, ea atsegin dituen edota aurpegi alaia jartzen dizuen. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.