12 Garbituko ahal ditu Jaunak Jakoben herritik horrela jokatzen dutenak, direnak direla, baita Jaun ahalguztidunari eskaintzak egiten dizkiotenak badira ere!
13 Oraindik gehiago egiten duzue: malkoz betetzen duzue Jaunaren aldarea, negar-zotinka ari ohi zarete zuen eskaintzei Jaunak arretarik egiten ez dielako eta gogo onez hartzen ez dituelako.
14 Eta zergatik ote den galdetzen duzue. Hona zergatik den: gaztetan hartu zenuen emazteari ez zatzaizkiolako leial izan, eta horren lekuko da Jauna; zeure lagun zenuenari eta leialtasun-hitza eman zenionari ez zatzaizkiolako leial izan.
15 Jaunak ez ote zaituzte, bada, biok gorputz bakar bat eta espiritu bakar bat egin? Eta zertarako bat? Jainkoarengandik haurrak izateko. Argi ibili, beraz, eta ez izan desleial gaztetan aukeratutako emazteari.
16 Izan ere, emaztea gorrotatu eta uzten duenak, gogorkeriaz janzten du bere burua —dio Jaunak, Israelen Jainko ahalguztidunak—. Argi ibili, beraz, eta ez izan desleial.
17 Asper-asper egina daukazue Jauna zeuen hizketaz. «Zertan asperrarazi dugu, bada?», galdetzen duzue hala ere. Hona, gaizki egiten duena Jainkoari begiko eta atsegin zaiola esaten duzuelako, eta Jainkoa zuzena ote den galdezka ari zaretelako.